Harrera-aldia deitzen diogu haurrek eta beren familiek Haur Eskolarekin duten lehenengo hartu-emanari, une berezi horri, zehazki. Haurra atxikimendua ematen dioten pertsonengandik banatzen den lehen aldia izaten da eta modu errespetagarrian garatu dadin haurren erritmo partikularrari erreparatu behar zaio. Horretarako garrantzitsua da oso, denboraren mugarik gabeko aldia dela errespetatzea. Haur bakoitza ezberdina da, alderatu eta epaitu beharrik gabe. Optimismoz eta konfidantzaz ekin behar diogu une honi.
Horregatik egiten dugu bere erreferenteak (ama, aita, aitona, amona, osaba, izeba…) etengabe laguntzeko apustua. Gurekin batera, gelan, egunerokotasunean parte hartuz. Atxikimendu-irudiak segurtasuna ematen dio haurrari, eta segurtasun horretatik hasiko dira eskolan eskaintzen zaien mundu berria aztertzen eta ezagutzen. Laguntza horren bidez, haurra lasai dago, ikertu dezake, objektu berriak aurkitu eta hezitzailearengana hurbildu.
Baina, nola ulertzen dugu lehen bereizketa hau eta sortzen duen emozio-sumendia? Azpimarratu nahi dugu haurrak, ondoeza erakusten dutenean, ez dutela azalaratzen apetatsuak, baimenduak edo nostalgikoak direlako. Atxikimendu-figura galtzeko beldurraz ari dira; izan ere, figura hori agertu eta desagertu egiten da, eta kezka eta antsietate handia sortzen die haurrei.
◦ Ahalegindu eskolan hasi aurretik aldaketa bortitzik ez egiten (logela-aldaketa, esfinteresaren kontrola, txupetearen erabilera…).
◦ Saiatu ikasturtea hasi baino aste batzuk lehenago ordutegi berrietara ohitzen.
◦ Saia zaitezte isiltasuna errespetatzen, ahots tonu baxuan aritu eta beharrezkoa denean bakarrik.
◦ Gelatik atera behar zareten aldioro haurrari agur esateaz oroitu, noiz itzuliko zareten azaldu eta goza dezala adieraztera animatzen zaitugu.
◦ Funtsezkoa da edozein zalantza edo kezka argitzea, nahiz eta garrantzitsua ez iruditu. Gogoratu familia eta eskola bide beretik joan behar dugula.
◦ Garrantzitsua da eskolan mugikorrak ez erabiltzea. Honetaz gain, irudi-eskubidea aintzat hartuz ezingo dira ez argazkirik ez bideorik atera.
◦ Familia eta haur bakoitzak prozesu bakarra du, funtsezkoa da ez alderatzea.
◦ Nora joango diren aurreratzea, eskola eta inguruak bisitatzea, materiala prestatzen parte hartzea…